Maiatzaren 31a, larunbata, ospatu zuen Anitz Dantza Taldeak bere eguna. Goizeko prestaketa eta entseguen ostean ekin zioten dantzari txikienek beraien emanaldiari herriko plazan. 5 urtetik 11 urtera bitarteko haurrak izan ziren protagonistak eta jende andana bildu zuten inguruan, giro eguzkitsua are gehiago alaituz.
Eguardiko etenaren ostean iritsi zen arratsaldeko txanda, zeinetan 11 urtetik aurrerako dantzariek parte hartu zuten.
Euri tanten mehatxupean aritu baziren ere, sekulako giroa sortu zuten dantzariek berriz ere plazan, koreografia bizi eta musika alaiekin.
Honela, bada, borobildu zuten 2025eko Anitz Eguna eta baita dantza ikasturtea ere talde ia gehienek.
Gainerakoek, ekainaren 13an, dantzari gazteen topaketarekin emango dute amaitutzat kurtsoa, Zaldibiko Iztueta dantza taldearekin eta Idiazabalgo Axari Dantza Taldearekin batera.
Besterik gabe, Anitz Dantza Taldea zuzenean eta zeharka laguntzen duzuen guztioi eskerrak eman eta jarrai dezala Anoetak luzez dantza talde honekin batera DANTZAN!

